2007 Otsaila 2 @ 11:51
(Sailkatugabeak)
Arrain bat joan-etorrian zebilen itsasoan, galdera zail baten erantzuna aurkitu nahirik. Halako batean burua atera, eta dordoka bat ikusi zuen hondartzan etzanda. Honek zerbait gehiago jakingo zuelakoan, galdetzea erabaki zuen:
-Dordoka, zer da ura?
Eta dordokak, harriturik:
-Uretan jaio zara; uretan bizi, eta uretan aurkituko duzu heriotza. Zure inguruan ura dago nonahi, baita zure barrenean ere. Uretan aurkitzen duzunetik jaten duzu, eta bertan ugaltzen zara. Eta zuk, niri galdetzen al didazu zer den ura?!
*Arrain hori bezain ezjakinak, Beragan eta Beragatik jaio, bizi eta hiltzen gara. Baina arrain horrek bere inguruan dagoen ura ezagutzen ez duen bezala, guk ere ez dugu ikusten inguratzen gaituen Hura.
2 Iruzkin
2006 Azaroa 23 @ 12:03
(Sailkatugabeak)
Pertsonak irrazionalak izan daitezke, zentzugabe eta egozentrikoak.
Maita itzazu, nolanahi ere.
On egiten baduzu, ezkutuko arrazoi egoistengatik egitea leporatuko dizute.
On egin, nolanahi ere.
Gaur egindako ongia, biharko ahaztua izango da.
On egin, nolanahi ere.
Zintzotasun eta egiazaletasunez jokatzeak erasotua izateko arriskua dakar.
Zintzoa eta egiazalea izan, nolanahi ere.
Urte askotan zehar eraikitakoa gau bakarrean hondatu daiteke.
Eraiki, nolanahi ere.
Behar larrian dagoenari lagunduz gero, honek eraso egin diezazuke.
Lagundu, nolanahi ere.
Emaiozu munduari ahal duzun onena, eta ostikoa jasoko duzu ordainetan.
Eman munduari ahal duzun onena, nolanahi ere.
Jainkoak zure ahulezi guztiak dakizki
eta maiteko zaitu, nolanahi ere.
(Kalkutako Shishu Bhavan haur-etxeko horma batean idatzirik dagoen poema.)
Iruzkin 1
2006 Azaroa 21 @ 11:44
(Sailkatugabeak)
Egunen batean gizakiok gauden tokitik altsa eta guztion arteko berdintasunaren esanahia ulertu eta biziko dugula amestu dut. Garai bateko esklabuen seme alaba eta esklabu haien jabeen seme alabak elkarrekin mahai berdinean jango dutela.
Egunen batean, haranak gailur izango dira; mendiak berdindu, toki malkartsuak leundu eta okerrak zuzendu egingo dira, Jainkoaren distira ezagutzera emango da, eta pertsona guztiak anai-arrebatasunean biziko dira.
Hau da gure itxaropena. Fede honekin, etsipenaren menditik itxaropenaren harria zizelkatu dezakegu. Fede honekin, gure herriaren zarata, anai-arrebatasunaren sinfonia bihurtu dezakegu. Fede honekin, elkarrekin lan egin ahal izango dugu, elkarrekin otoitz egin, elkarrekin borrokatu, elkarrekin gartzelaratuko gaituzte, elkarrekin defendatuko dugu askatasuna, egunen batean aske izango garela jakinik.
Askatasunari bidea irekiko diogunean, herrixka eta baserri, herrialde eta hiri bakoitzean irekiko zaionean, hurbilago izango dugu Jainkoaren seme-alaba guztiek eskua eman eta elkarrekin abestu ahal izango duten eguna. Beltz eta zuriek, judu eta kristauek, etxekoek eta etxetik urrun dabiltzanek, guztiek abestuko dituzte beltzen espiritual zaharreko hitzak: Aske gara! Aske gara! Jainko guztiz onari esker, aske gara betiko!
(Hemendik zati batzuk hartu, itzuli eta moldatu egin ditut: http://es.wikisource.org/wiki/Tengo_un_sueño)
Iruzkinak
2006 Azaroa 17 @ 11:00
(Sailkatugabeak)
Guztiok amesten dugu etorkizun hobeagoa; guztiok ditugu geure nahiak, geure ilusioak. Eta ederra da bizitza itxaropenez betetzea. Ilusiotxo txikiak badira eguneroko joan etorrian, baina lasaiago pentsatzen jartzen garenean, noizbehinka ilusio zabalagoak ere etorri ohi zaizkigu. Gure bizitza hobetzeko gogoa, eta zergaitik ez…, baita gizartea ere. Gauden tokitik altsa, eta orain arte inor egitera ausartu ez den zerbait egiteko gogoa, mundua aldatzea.
Egunero dihardugu eztabaidan (ez horrenbeste elkarrizketan). Baina, pentsatu nahi nuke, mundua hobetzeko ilusiotxo handi horren ondorioa dela eztabaida tontoenetan ere berotzea. Gauza guztiak ordenatu nahi ditugu, gaizki edo ondo omen daudenak komentatuz. Baina zoritxarrez, eguneroko eztabaida horietan, zerbait ona edo txarra den ausnartu ordez eztabaidalarien ontasunaz eztabaitzen bukatu ohi da, inplizituki bada ere. Norgehiagoka ustel horren erdian gizarte solidarioago baten aldeko ideiaren bat adieraziz gero, hipokritatzat hartuko zaituzte. Ametsak aldarrikatzeak ordea, ez luke uneoro horien alde lana egiten dugula esan nahi izan behar, hau egiteko adina indar eduki nahiko genukeela baizik.
Hipokrita ez bazara, inuxentea… Izan ere, borondate hori edukitzea ia ezinezkoa omen denez, giza korrontearen aurka igeri eginda ito egiten omen garenez, ametsak ezin dira egi bihurtu. Dudarik gabe, ur-jauziaren amildegian erori nahi duenarentzat, ez da praktikoa korronte indartsuaren aurka igeri egitearen ametsa; bai ordea bizi nahi duenarentzat, pertsona izan nahi duen horrentzat alegia. …Hori bai, ez ahaztu, pertsona izan nahi badugu eta igeri egitera ausartzen bagara, beharrezkoa dela arnastea.
Iruzkinak
2006 Azaroa 14 @ 11:37
(Sailkatugabeak)
Haizeak edonondik jotzen du; entzuten dugu haren hotsa, baina ez dakigu nondik datorren, ez nora doan. Honelakoa da gure bizia ere. Ikusten dugu, entzun, sentitu, baina nondik gatoz, eta nora goaz? Behinola, bizi-arnasa eman zitzaigun. Eta arnastuz bizi gara; nondik datorren ez dakigun haize hori arnastuz. Arnastutakoa txarragoa edo hobeagoa izan daiteke, baina arnastu gabe, ezin gara bizi. Guztiok nahi dugu geure bizitzarako airerik garbiena, eta bila gabiltza, nahiz eta askotan ez aurkitu. Lehendik asmatutakoak idatzita daude eta zihur ez dudala ezer berririk asmatuko, baina gustoso ditudan ideiak idatzi nahi nituzke. Beraz, blog honetan, handik eta hemendik datorzkidan haize-boladen arrastoa utzi nahi nuke, ahal bada.
Iruzkinak